Zu hemen zaude

Laguntza

  • BORMEren edukiak eta atalak

    Merkataritza Erregistroak bertan izena ematen duten sozietateen eta gainerako pertsonen datu juridiko eta ekonomikoak argitaratzen ditu, sozietate edo pertsona hauek kontratatzen dituztenen eskura egon daitezen, hartara merkataritzako trafiko juridikoaren segurtasuna sustatuta.

    BORMEri dagokion araudia 1784/1996 Errege Dekretuan, uztailaren 19koan, Merkataritza Erregistroko Erregelamendua onartzen duenean, aurki daiteke, eta aldizkari honen edizio elektronikoa azaroaren 28ko 1979/2008 Errege Dekretuaren arabera arautzen da.

    Merkataritza Erregistro Zentralari dagokio BORME argitaratzea. Aldiz, BOE Estatu Agentzia da aldizkari ofizial honen edizioaren arduraduna.

    “Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialak” Legean eta Erregelamenduan aurreikusitako datuak argitaratzen ditu, bi ataletan banatuta:

    1. Lehenengo atalak “Enpresariak” du izena, eta bi sailetan antolatzen da: “Inskribatutako egintzak” eta “Merkataritza Erregistroan argitaratutako beste egintza batzuk”.
    2. Bigarren atalak “Iragarkiak eta legezko oharrak” izena darama. Halaber, atal honetan argitaratzen dira 22/2003 Legeak, uztailaren 9koak, konkurtsoei buruzkoak, 23.1 artikuluan aurreikusitako jakinarazpenak, komunikazioak eta izapideak.

    Lehenengo ataleko egintza juridikoak blokeka sailkatuta argitaratzen dira, bat probintzia bakoitzeko. Blokeen ordena probintzia bakoitzari dagokion posta kodearen ordena da.

    Bigarren atalean, “Iragarkiak eta legezko oharrak”, argitaratzen dira:

    • Merkataritza Erregistro Zentraleko iragarkiak.
    • Balantzeak.
    • Batzarretarako deialdiak.
    • Enpresen fusioak eta xurgatzeak.
    • Enpresen zatiketak.
    • Kaudimengabezia deklarazioak.
    • Enpresen desegiteak.
    • Enpresen lagapenak.
    • Enpresen berraktibazioak.
    • Enpresen eraldaketak.
    • Kapitalaren gehikuntzak.
    • Kapitalaren murrizketak.
    • Ziurtagirien galera.
    • Bestelako iragarki eta legezko oharrak.

    Bigarren ataleko argitalpenak enpresen izenaren hurrenkera alfabetikoaren arabera antolatzen dira.

    Igo

  • Nola kontsultatzen da BORME?

    Egoitza elektronikoaren hasierako orritik (www.boe.es), argitaratutako azken BORME atzitu daiteke.

    Eguneko BORMEren orrialdeak data horretan argitaratutako guztiaren aurkibidea eskaintzen du, argitaratze atalen arabera ordenatuta. Hala ere, zure interesekoa den atala edo azpiatala aukera daiteke.

    BORMEren atalak

    Edozein xedapenen izenburuaren azpian ageri dira pdf formatura eta eskuragarri dauden gainerako formatuetara zuzenki joateko estekak, kasuaren arabera:

    BORMEren formatuak

    BORMEren aurreko alea kontsultatu nahi baduzu, pantailaren goiko eskuineko aldean agertuko da horretarako ikono bat:

    aurrekoa

    Beste data batzuetan argitaratutako aldizkarietara sartzeko, hasierako orrian aurkituko duzu “Egutegia” eta bertatik atzitu ahalko dituzu argitaratutako aldizkari guztiak, 2001eko urtarrilaren 2tik gaur egun arte (lehenengo eta bigarren atalak eskuragarri 2009. urteaz geroztik).

    BORME egutegia

    Era berean, zure intereseko data zuzenki idatz daiteke horretarako erreserbatutako eremuan:

    BORME datak

    Igo

  • Ofiziala eta benetakoa da Interneteko BORME?

    Bai, 2009ko urtarrilaren 1az geroztik. Data horren aurretik, paperezko BORME da ofiziala eta benetakoa bakarrik.

    Bai, Agentziaren egoitza elektronikoan argitaratzen den “Merkataritza Erregistroko Aldizkari Ofizialaren” edizio elektronikoa, 2009ko urtarrilaren 1az geroztik, ofiziala eta benetakoa da.

    Data horren aurretik, paperean inprimatutako BORME bakarrik zen ofiziala eta benetakoa.

    Igo

  • Nola eta noiztik bermatzen da BORME elektronikoaren benetakotasuna?

    BORMEren edukiaren benetakotasuna, osotasuna eta aldaezintasuna bermatze aldera, Agentziaren egoitza elektronikoan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratzen den edizio elektronikoak sinadura digital aurreratua barne du.

    Sinadura hori bere aldetik erantsiko zaio argitaratutako xedapen bakoitzari. Honela, xedapen jakin baten benetakotasuna bermatu ahalko da aldizkari osoa deskargatu beharrik gabe.

    Igo

  • Zergatik da aldaezina BOEn argitaratutakoa?

    Sinadura elektronikoaren prozesuak dokumentu baten edukia “izoztu” egiten du, beraz, dokumentu horretan burututako edozein aldaketak erantsitako sinadura elektronikoa baliogabetuko luke.

    Sinadura elektronikoaren prozesuak bi eragiketa ditu barne:

    1. luzera finkoko laburpen (edo hash) digital bat kalkulatzea dokumentuaren eduki osoa oinarri hartuta;
    2. laburpen hori igorlearen ziurtagiriari dagokion gako pribatuarekin zifratzea. Zifratzearen laburpena dokumentuarekin batera paketatzen da, baina dokumentuaren eduki ikusgarria ez da zifratzen, irakurgarria izan dadin.

    Elektronikoki sinatutako dokumentu bat baliozkotzeko, hau da, sinatu zenetik inolako aldaketarik jasan ez duela ziurtatzeko, hiru eragiketa burutu behar dira.

    1. berriz ere laburpena (hash) kalkulatzea dokumentuaren edukia oinarri hartuta;
    2. dokumentuan barne hartutako laburpena deszifratzea igorlearen ziurtagiriko gako publikoaren bitartez; eta
    3. bi laburpenak alderatzea. Berdinak badira, horrek esan nahiko du dokumentuak ez duela inolako aldaketarik jasan sinatu zenetik eta, ondorioz, baliozkoa izango da. Laburpenak berdinak ez badira, aldaketaren bat egon dela ulertuko da eta adierazitako sinadura baliogabe geratuko da.

    Laburpenak kalkulatzeko metodoak hiru ezaugarri interesgarri ditu: (a) luzera beti da finkoa, laburtutako dokumentuaren luzera edozein izanda ere, (b) dokumentuaren edukian burututako aldaketa txikienak ere oso laburpen desberdina emango du eta (c) laburpen baten kalkulua ez da eragiketa simetrikoa: testu baten laburpena erraz asko kalkula daiteke, baina ezin da testua berregin laburpena oinarri hartuta.

    BORME elektronikoaren pdf dokumentuak baliozkotzeko, jarraitu Sinadura baliozkotzeko konfigurazioaren eskuliburua (PDF) dokumentuan ageri diren jarraibideak eta instalatu zure arakatzailean Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalaren (FNMT, gaztelaniaz) ziurtagiriak:

    Igo

  • Zer da CVE?

    Egiaztapen elektronikoko kodearen kokalekua BORMEren PDF orrietan[D]

    CVE (Código de Verificación Electrónica gaztelaniaz) edo Egiaztapen Elektronikoko Kodea da Merkataritza Erregistroko Aldizkari Ofizialean argitaratutako egintza edo iragarki jakin bat zalantzarik gabe identifikatzea ahalbidetzen duen karaktereen multzoa.

    Kode hori argitaratutako xedapen, egintza edo iragarki bakoitzaren orrialde bakoitzean ageri da eta jatorrizko dokumentu elektronikora sarrera ematen du Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren webgunean.

    Zergatik da garrantzitsua CVE?

    Merkataritza Erregistroko Aldizkari Ofizialeko jatorrizko dokumentu elektronikoen paperezko kopia guztiak, 2009ko urtarrilaren 1az geroztik, benetako kopiatzat jotzen baitira barne badute CVE kodea.

    Beraz, CVE kodeak aukera ematen du paperean inprimatutako BORMEren edozein orrialderen benetakotasuna egiaztatzeko, jatorrizko dokumentu elektronikoarekin alderatuta.

    Horretarako, BORMErako sarrera orrian idatz daiteke CVE kodea eta jatorrizko dokumentua eskuratuko da, elektronikoki sinatuta, zuzenean Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren fitxategi elektronikoetatik.

    Igo

Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentzia

Manoteras Etorb., 54 - 28050 Madril